Hizkuntza bakoitzaren diagnostikoak bateratzeko saioa, denek ibilbide-orri batean aurrera egiteko
LINGUATEC IA proiektuaren partzuergoa Zaragozan bildu zen ibilbide-orri partekatua aztertzeko. Bileran Aragoiko Gobernuko ordezkariek parte hartu zuten
LINGUATEC IA proiektua, zeina Pirinioetako baliabide urriko hizkuntzei aplikatzeko moduko eredu neuronal berriak ikertzeko eta garatzeko martxan jarri baita, abiadura hartzen ari da pixkanaka. Lehenengo tailerra Zaragozan egin zen 2024ko ekainaren 3an. Proiektuan parte hartzen ari diren erakunde gehienetako ordezkariak izan ziren, denera 14.
Bilerari hasiera emateko, Aragoiko Gobernuko ordezkariek hitz egin zuten, anfitrioi gisa. Zehazki, hitza hartu zuten José Antonio Andrés Moreno Kultura Ondarearen Prebentzio, Babes eta Ikerketa zerbitzuburuak eta Miguel Ángel Pelles Kultura Ondarearen Zuzendaritza Nagusian proiektuaren jarraipenaren arduradun denak.
Partzuergoko erakunde bakoitzak aldez aurretik landua zuen adimen artifizialaren arloan bakoitzaren hizkuntza eta aldaeretan egin diren aurrerapenen diagnostiko bat, eta, ekarpen guztiekin, proiektuaren ibilbide-orriaren lehen konfigurazio bat egiteko pausoak eman ziren. Ibilbide-orri partekatu bat egitea da proiektuaren esku-hartzearen ardatzetako bat. Kasu honetan, Lo Congrès permanent de la lenga occitanak koordinatzen du ardatz hori. Proiekturako egokiak diren garapen teknologikoekin inplementatuko da ibilbide-orria proiektuan zehar.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest