Araneraren automatizazioa azkar ari da aurrera egiten

22 January, 2026 By

Aranera Val d’Aranen (Lleida) hitz egiten den okzitanieraren aldaera gaskoia da. Ofiziala da Katalunia osoan, katalanarekin eta gaztelaniarekin batera, eta lege-estatusa eta presentzia du hezkuntzan, derrigorrezko mailetatik hasita, nahiz tokiko administrazioan. 2023an biztanleen hizkuntza-erabilerak neurtzeko egin zen inkestaren arabera, 15 urte edo gehiagoko biztanle gehienek (10.500 biztanle, gutxi gorabehera) aranera ulertzen dute (ia % 80), % 53,6k esaten du araneraz badakiela, eta % 23,4rentzat, gutxi gorabehera, ohiko hizkuntza da. Azkenaldiko aldaketa demografikoen aurrean nolabaiteko egonkortasuna baduen arren, hizkuntzaren erabilerak presentzia sozial mugatua izaten jarraitzen du zenbait arlotan, hala nola merkataritzan eta tokikoa ez den administrazioan. Tresna teknologikorik ez izateak ere asko mugatzen du aranerazko baliabideen ekoizpena, baita ingurune digitalean aranerak duen presentzia ere.

Linguatec-IA proiektuak helburu nagusi hau du: aurrera egitea adimen artifizialean oinarritutako hizkuntza-teknologietan, baliabide gutxi dituzten hizkuntzen kasuan; adibidez, okzitanieraren eta haren aldaeren (aranera) kasuan. Lleidako Unibertsitateko doktore Helena Torresen esanean, “Linguatec-IA proiektuak helburu garbi bat du aranerarentzat: hizkuntza nagusietarako dauden adimen artifizialeko tresna aurreratuen parekoak lortzea. Lleidako Unibertsitatean, okzitanieraren Lo Congrès permanent de la lenga occitanaren lankidetza estuarekin, kalitateko hizkuntza-baliabideak eta teknologiak garatzen ari gara aranerarentzat eta beste zenbait hizkuntza-bikoteentzat, hala nola aranera-katalana eta aranera-gaztelania”.

Linguatec-IA proiektuaren esparruan zehaztu diren lan-ildoen artean, hauek daude, besteak beste: corpusak sortzea, normalizazio digitala lortzea, eredu neuronal eleaniztunei laguntza ematea eta teknologia horiek herritarrentzat, administrazioarentzat eta hezkuntzarentzat praktikoak diren zerbitzuetan integratzea. Helburua da aranerak, azpiegitura digital modernoa izateaz gain, bermatua izatea erabilgarritasuna, ikusgarritasuna eta bideragarritasuna gaur egungo ingurune teknologikoetan.

“Gaur egun, araneraren automatizazioarekin erlazionatutako zenbait arlotan dihardugu lanean aldi berean. Linguatec-IA bezalako ekimenei esker, araneraren automatizazioa azkar ari da kualitatiboki aurrera egiten”, gaineratu du Torresek. 2026ko bigarren seihilekorako hauek lortzea aurreikusita dago: aranerazko ahots-sintesia eta -ezagutza; kalitate handiko hiztegi digital bat, hizkuntza-aplikazioetan integratzeko modukoa (oraingoak baino hobea eta formatu analogikoan daudenak eguneratuko dituena); testutik testurako itzulpen automatikoa —aukera emango duena nabigatzaileetarako hedapenak, webguneak itzultzeko sistemak eta administrazioari lagungarri izango zaizkion tresnak garatzeko—; eta ahotsetik ahotserako itzulpena eta azpititulatze automatikoa, oinarrizkoak baitira aranera ikus-entzunezkoen eremuan presentzia izateko eta erabilgarri egoteko.

“Horrek guztiak aranera-katalana hizkuntza-bikotea bermatuko du eta, gauzak ondo, baita aranera-gaztelania ere. Horri esker, ingurune digitalean oztoporik gabe erabili ahal izango da aranera, eta horrek asko hobetuko du haren presentzia ekosistema teknologikoan. Hori lortuz gero, aranera posizio giltzarri abantailatsuan kokatuko da haren normalizazio digitalari eta etorkizuneko proiekzioari begira”, baieztatu du.