Linguatec-IAk Pirinioetako hizkuntza-oztopoak gainditzen laguntzen du
Itziar Cortés Etxabe (Elhuyar) proiektuaren koordinatzaileak Linguatec-IA proiektuaren zenbait gako azaldu zituen joan den azaroaren 27an Vielhan (Arango harana) egin zen Komunikazioaren, Teknologiaren eta Hizkuntza Gutxituen Nazioarteko I. Biltzarrean. Conselh Generau d ‘Aran kontseiluak, RTVE telebistak, Pompeu Fabra Unibertsitateak eta Lleidako Unibertsitateak antolatu zuten biltzarra.
Cortések, Benaset Dazéasekin (Lo Congrès permanent de la lenga occitana) eta beste solaskide batzuekin batera, hizkuntza gutxituen teknologietako berrikuntza-proiektuei eta AAri buruzko mahai-inguru batean parte hartu zuen. Proiektuaren koordinatzaileak, errepaso historiko bat eginez, zera gogorarazi zuen: aurreko Linguatec proiektuan bezala, “helburu berarekin jarraitzen dugu lanean: Pirinioetako hizkuntza-oztopoak gainditzen laguntzea, hizkuntzaren teknologiak baliatuta (bai ikerketa mailan, bai aplikazio mailan)”.
Elhuyarreko ordezkariak Linguatec-IAtik espero diren emaitza batzuk aipatu zituen: “Alde batetik, oinarrizko hizkuntza-baliabideak ugaritzea espero dugu, hala nola dokumentazio-lanak, datu-baseak eta corpusak; bestetik, hizkuntzaren teknologien arloan lanean jarraituko dugu, eta itzultzaile automatikoak eta oinarrizko beste teknologia batzuk garatuko ditugu, gero Pirinioetako hizkuntzen arteko bikoizketa automatikoko azken plataforma batean erabil daitezen”. Ikergai da, halaber, “baliabide gutxiko hizkuntzetarako LLMak sortzea, eta hori aurrerapauso handia da, hizkuntza nagusietan dagoeneko eskuragarri baitaude teknologia horiek”, gaineratu du.
Solaskideek agerian utzi zuten baliabide gutxi dituzten hizkuntzek zailtasunak dituztela erronka teknologikoei aurre egiteko, besteak beste, datu gutxiago dituztelako hizkuntza handiagoekin alderatuta, eta hizkuntza-ereduak hizkuntza hegemonikoetarako prestatuta daudelako. Halaber, teknologia berriak garatzeko, estrategia propioak behar direla azpimarratu zuten parte-hartzaileek.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest