La Farga numerica online dago! 

11 October, 2024 By

Urriaren 10ean, ostegunean, ofizialki inauguratu zen Le Congrès-ek sortutako La Farga numerica, okzitanierazko hizkuntza-teknologiei eskainitako ataria, Linguatec IA proiektuak Pauen egin zituen topaketen barruan.

La Farga numerica lankidetza-plataforma bat da, helburu hau duena: okzitanierazko HPAko (hizkuntzaren prozesamendu automatikoa) eta informatikako baliabideak eta tresnak eskuragarri egitea, sustatzea, trukatzea eta garatzea. Plataforma sortzeko arrazoia komunitateak eta garatzaileek identifikatutako premiei erantzutea izan da: datu kualifikatuak eskuratzea, jarraipen partekatua egitea, lana koordinatzea eta garapenak partekatzea.

La Farga numericaren oinarria software librearen komunitatearen (Linux banaketak, software-suiteak, etab.) partekatzeko eta elkarlanerako espazioak dira, eta hainbat ekimenen topaleku izatea du helburu. Interfaze eskalagarriari esker, baliabide- eta funtzio-sorta zabala eskaintzen du garatzaileentzat eta ekarpenak egin nahi dituztenentzat: baliabideen inbentario kualifikatua eta eguneratua, ibilbide-orri digitala, okzitanierara egokitutako estandar informatikoak, eragileen eta egiturazko proiektuen harremanetarako datuak, proiektuen deialdiak, ekarpenak egiteko deialdiak, berehalako mezularitza, argitalpen zientifikoak eta zaintza teknologikoa.

Helburua da okzitanieraren paisaia digitala osatzen duten baliabideak sortzeko eta tresnak eraikitzeko lan egiten duten profesionalek eta boluntarioek osatutako komunitatea batzea. La Farga numerica atariak eremu bat eskaintzen die trukerako, gaiarekin loturiko azken aurrerapenen berri izateko eta informazioa zentralizatzeko. Hala, nahi duenak espazio berean aurkituko ditu hizkuntza teknologia behar-beharrezkoez hornitzen jarraitzeko ezinbesteko den guztia.

Ezagutu La Farga numerica

La Farga numerica Linguatec-IA proiektuaren emaitza da, eta aragoiera, katalana, euskara eta okzitaniera digitalizatzeko adimen artifizialari buruzko ezagutza sortzeko garatu dute.