Linguatec-IA proiektua emaitzak ematen hasia da dagoeneko
Azaroaren 6an Toulouse-Jean Jaurès Unibertsitatean egindako partzuergoko bileran, Linguatec-IA proiektuaren lehen emaitzak ikusi ahal izan ziren. Proiektuaren administrazioarekin eta koordinazioarekin lotutako zereginak berrikusi eta proiektuaren komunikazio-alderdiak aztertu ondoren, partzuergoko zenbait kidek jarduera produktiboenetan egindako urratsak erakutsi eta azaldu zituzten.
Proiektuan jakin-min handiena piztu duten bi emaitza nabarmendu ziren bileran. Horietako bat hizkuntza txikietarako Hizkuntza Eredu Handien (LLM, Large Language Models) inguruko ikerketarekin lotua dago. Ikerketa horretan emandako aurrerapausoen berri eman zen, eta zer teknika zientifiko baliatzen ari diren azaldu. Oraingoz, ebaluazio xeheagoa egin bitartean, partzuergoak ontzat jo du orain arte lortutakoa.
Linguatec-IA proiektuaren beste alderdi garrantzitsuenetako bat da ikus-entzunezko edukiak azpititulatzeko eta bikoizteko plataforma eleanitz bat garatzea. Plataforma horrek batera biltzen ditu proiektuan sortzen eta hobetzen ari diren ahots-teknologia eta itzulpen automatikoko teknologia guztiak, eta aukera ematen du proiektuko hizkuntzen arteko eduki eleanitzak erraz sortzeko. Bileran erakutsi zen nola sortu daitezkeen ikus-entzunezko eduki baterako azpitituluak zenbait hizkuntzatan.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest