Arrakastaz burutu dugu hizkuntza gutxituei eta adimen artifizialari buruzko mugaz gaindiko kongresua
Linguatec-IAk Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen (UNUM) barruan Baionan antolatu duen Hizkuntza gutxituak eta adimen artifiziala. Pirinioetako bi aldeetatik etorkizunari begira mugaz gaindiko kongresuan, hizlari-talde oparoak jardun du AA sortzailearen aroan Pirinioetako hizkuntzek dituzten beharren eta errealitatearen inguruan.
Jardunaldiaren aurkezpen laburra egin ondoren, Pirinioetako Lan Elkarteko (Interreg POCTEFA) kudeatzailea den Amaia Armendáriz Lassok Pirinioen bi aldeetako erakundeen lankidetzak zer garrantzi duen nabarmendu du.
Quim Barnola RTVEko hizkuntza ofizialen eta gutxituen koordinatzaileak eta Lionel Buannic ÒC-tele eta Brezhoweb-eko zuzendariak hitzaldi bana eman dute, eta bakoitzak bere ikuspegitik azaldu ditu hizkuntza gutxituek telebistan dituzten erronkak eta AAk gaur egun eskaintzen dizkien aukerak.
Ondoren, Itziar Cortések, Linguatec-IA proiektuaren koordinatzaile eta Elhuyarreko ordezkariak, proiektuan garatutako bikoizketa automatikoko plataformak eskaintzen dituen aukerak aurkeztu ditu. Demo horren azpian dauden teknologiak hobetuz joatea aurreikusten da, hizkuntza bakoitzean lortzen diren aurrerapenen arabera.
Etenaldi labur baten ondoren, Linguatec-IAko partzuergoko kideek lantzen ari diren hizkuntzetarako aurreikusitako ibilbideak azaldu dituzte: hizkuntza bakoitzaren abiapuntua, gaur egun zein puntutan dauden eta etorkizunerako zer aurreikuspen dituzten. Okzitanierari buruzko hitzaldiak Aura Séguier-ek (Lo Congres) eta Myriam Bras-ek (CNRS) eman dituzte; Helena Torres (Lleidako Unibertsitatea) aranerari buruz mintzatu da, eta Aitzol Astigarraga (Orai NLP Teknologiak – Elhuyar) euskarari buruz.
Arratsaldean, Urtzi Etxeberriak (IKER-CNRS) eta Benaset Dazéas-ek (Lo Congres) moderatzaile-lanak egin dituzte Akitania Berriko eta Nafarroako ordezkari politiko hauekin egindako mahai-inguruan: Mathieu Bergé (Akitania Berriko eskualdeko ordezkaria) eta Javier Arakama (Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea). Jardunaldia amaitzeko, Linguatec-IA proiektuko partzuergoak Hizkuntzara bideratutako Adimen Artifizialeko Mugaz Gaindiko Bikaintasun Sarearen Manifestua eguneratu eta sinatu du.


















